XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kristau sentitzen direnentzat, nolanahi ere, hor gelditzen da galdera: historia guzian behin eta beti zanpatuei eta ttipiei tokatzen zaien gurutze hori, Mirandek arbuiatu zuena, hori ahal da Jesukristoren gurutzea, zinez?.

MIRANDEREN PAGANISMOA.

Mirande pagano zela, beharbada horixe da gaur Miranderen gauzarik ezagunena.

Gauza ezagunegiak eta ebidentzia komun bezala ohituak errazegi sinplifikatzen dira, tamalez.

Miranderen paganismoa sinplifikatzerik ez dago.

Egiten badugu, benetan hartzen ez dugulako, da, askotan.

Mirande artista hutsa zen, hori denek dakite.

Denek dakite, halaber, moral libretxokoa genuela, artista edo zoro aire bat zuela, eta abar.

Gainera, zuberotarra zen, eta zuberotarrek, Euskal Herrian, halako berezitasun berezi batetarako permiso berezia dute, besteei ez dagozkien libertate batzuetarako alegia.

Eta Mirande paristarra zen, gainera.

Eta abar.

Estereotipo mordo bat.

Azkenean bidezko edo, ematen bait du, Mirande pagano izatea.

Gainera, gauza bitxia bezain polita iruditzen zaio hori gaurko gustuari.

Poeta pagano bat: oso gauza polita.

Badago hori dena.

Baina gehiago ere badago.

Ez dezagun Miranderen paganismoa artistakeria huts bihur.

Miranderen paganismoa ez da batere jolasik, jolastia bazen ere.

Lehenengo, Miranderen sentiera artistikoa, bizitza eta giza portaera eta gizarteko harremanak ulertzeko ikuspide estetikoa, zure edo nire erlijioa bezain sakontasun errespetagarriko eta seriotan hartzeko gauza da.

Axalkeriarik ez du batere.

Beste edozeinena bezain begiragarri den, Miranderen era sakona da, nork bere burua ulertzeko.

Gero, Miranderen artista izateak ez digu ahantzerari behar, abertzale absolutua zela eta Miranderen paganismoak baduela zerikusirik haren abertzaletasun absolutuaz:(...).